XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Han jolasten genbiltzan artean, Padraig itsasoari so geratzen zan, isilean, begiekin uhinen dantza erotua segitzen ebala.

Ez nekian neuk zer aurkitu eikean olatuen orroa monotonoan, itsasoaren mugagabeko iluntasunean.

Agian bere haurtzaroko oroitzapenak etorkiozan gogora, inoiz bueltatu ez zan barku batena....

Pasiatzen genbiltzan baten, konturatu nintzan ez zala gurekin lehen bezain kontulari agertzen, goibel, urrundua baino, pentsamenduak haizearen menpe eukiko baleuz legez.

Egoera horren arrazoia galdetzean, ez eustan ezer erantzun, baina amodioaren ondorioa zala susmatu neban, herriko neska harrotxuenarekin gero eta gehiago nekusalako.

Eta hori zan gertatu.

Neugan eukan konfidantza gehiena Beatrizi emon eutsan, baina ez pentsa horregaitik gure alkar adiskidetasuna hil zanik, ez horixe.

Baekian jakin bere maitasuna guztiengan zabaltzen, nahiz eta maitasun batzu besteak baino maiteago izan.

Ez zan neska alperra ezta gaiztoa ere: baina baeukan nik desestaldu ezin neikean zer bultzakor bat, gordina baina mugikorra.